Libe Goitia Artetxe idazleak Fast fatum izeneko poema liburua argitaratu du, eta gaur goizean Susa argitaletxeak aurkezpen ekitaldia burutu du.
Sei geltokitatik igarotzen den zeharkaldi poetikoa osatu du Libe Goitia Artetxek bere estreinako poema liburuan. Gai agorrezinen bideetatik —partitzea, hiria, maitasuna, heriotza—, geografia propio bat eraiki du, eta intuizioz zein ziurtasunez betetako lerroen artean ageri da poeta bizitzaren zantzuak haztatzen —amaren eskuak, herdoilaren edertasuna, odolezko marrazkiak—, tradizioarekin zein adierazpide garaikideenekin elkarrizketa betean.
Ez dut esatekorik
hitz denak eraman dituzulako
gorputzari galdetzen diot
ea gorputzeko zein atalek sostengatzen duen
isiltasuna
erortzerakoan eskuak libre eduki, badaezpada
esaten zuen amak
eta arren eskatzen dut
ez diezaiotela eskuek eutsi isiltasun honi.