Nontzeberri

Bizitzaren prestigioaz

Abenduaren 4an, Victoria Eugenia Antzokian estreinatu ostean, Bernardo Atxagak idatzitako Lu eta Le obra datorren astelehenean hartuko du Bilboko Arriaga Antzokiak. Ados Teatroak ekoiztutako lana Garbi Losadak zuzendu du, eta Juan Carlos Perezek idatzitako musikaz horniturik dator. Gaur goizean obra hau presentatu dute prentsaurrekoan.

DSS2016EUk enkargua egin zion Atxagari eta horrek ordainetan Lu eta Le antzezlana idatzi zuen, Xabier Lete eta Lourdes Iriondoren munduari eginiko keinu batez, heriotzaren munduaren ikuspuntu pertsonal batetik abiaturik. “Nik bizitzaz, heriotzaz eta gizarteaz gogoeta egiten saiatu naiz Leteren figura aintzat hartuz”, aipatu du Atxagak.

Arriaga antzokiaren arabera, “testua, lengoaia dramatiko ez konbentzional batez, bi protagonisten figuraren inguruan osaturiko eszena eta eszena zatiekin egindako kaleidoskopioa da, Juan Carlos Perezek sorturiko jatorriko partiturarekin osatua. Sortzaile horiek biek, Garbi Losadarekin batera, egitura dramatiko eta musikal abstraktua planteatzen dute, ohiko planteamenduetatik haratago doana, forma eta testuaren biluztasunaren bila beti ere”.

Ramon Agirre eta Joseba Apaolaza aktoreek eta Klara Mendizabal abeslari-aktoreak, ardatz eta narratzaileak eta gizatiarrak ez direnek (androginoak eta menina bat), Le eta Lu pertsonaiei buruz hitz egingo dute, heriotzaren partetik, heriotza zein ona den aldarrikatuz.
Antzezlanean, uztartze, ulertze handi bat egon da eta ez da bakarrik testua oinarria, espazio berezia betetzen baitu musikak eta Ados Teatrok eginiko eszenografiak. Azken arlo honen baitan espresio eta keinuen zehaztasunaren bidez, testuaren erritmo ez naturalista atzemango da, “hitzen musikaltasunarekin, errepikapenekin, erritmo aldaketekin, zuzeneko musika eta abeslariaren arteko interakzioarekin”.

Musika “testuaren erresonantzia modukoa da, estetikaren bat osatuz, perkusio (Le, pentsamendu-zurrunbiloa da) eta soprano ahots eder (Lu, edertasuna estatikoa) baten bidez”, gehitu du J.C. Perez musikariak.

Eszenografia biluzia baina ez latza, ez zaila, ikusgarritasunaren bidez ideia eternoen bidez berba eta hausnarketa egiteko tenorea luzatzen digun obra.

Exit mobile version