Mutur Beltzek antolatutako Ondo Bizi Arte Egonaldia ekainaren 28tik uztailaren 7ra egingo da Karrantzan. Aurten ere, euskal artilea, arte garaikidea eta komunitatea uztartzen dituen topaguneak bizitzaren beste erritmo bat posible dela gogoraraziko du.
Egonaldi honetan, nazioarteko artista entzutetsuak izango dira. Adibidez, aurten, Niño de Elche Karrantzara itzuliko da, 2023an abiaturiko Padre Mío proiektua amaitzera. Asmo horretan ahotsa, lurraldea eta espiritualtasunaren arteko harremana aztertzen da.
Ernesto Artillo adituak gorputzaren, jantzien eta artilearen inguruko proposamen estetiko eta politikoa garatuko du.
Regina Quesada Valentziako artista eta ikerlariak, haraneko harrizko ondarearen inguruan arituko da marrazketatik abiatuta, bereziki kromlech izenez ezagutzen diren aztarna isilen bidez. Eta Marie Poirier Troyanok eta Patrick Fosseyk artilea eta egurra uztartuko dituzte instalazio batekin, inguruko arkitekturan inspiratuta.
Ekainaren 28an, larunbata, goizez, Arte eta Artzaintza Jardunaldiak izango dira Karrantzako Kultur Etxean. Bi gonbidatu berezi izango dira: Elena Fabeiro, Fundación Artesanía de Galicia-ko zuzendaria eta kudeatzaile kulturala eta Mariano Gómez, arraza autoktonoen kontserbazioan aditua eta albaitaria. Bi gonbidatuek “arte-sorkuntza, ondarea, tokiko ekoizpena eta landa-eremu iraunkorraren arteko loturez ikuspegi aberatsak” eskainiko dituzte.
Informazio guztia: Mutur Beltz