Matt Lutton argazkilari eta editore amerikarrak Jon Cazenave argazkilari donostiarra elkarrizketatu du Dvafoto argazki-aldizkari prestigiotsuan. Bi argazkilariak Oslon izandako tailer batean ezagutu zuten elkar, gipuzkoarrak metroaren inguruan egindako lan bat erakutsi zuen tailer horretan eta amerikarra txundituta geratu zen lanaren kalitatearekin. Cazenavek, halaber, SUBLIFE (LUR AZPIKO BIZITZA) izeneko pieza multimedia egin du oraintsu aipatu metroaren inguruko lanetik abiatuz. Elkarrizketan lur azpiko lan hori izan dute hizpide.
Cazenaveren hitzetan, metroaren gaineko lana Pep Bonet-ek zuzendu zuen tailer batean bururatu zitzaion. Izan ere, workshop horretan obsesio baten inguruko lana egin behar izan zuten. Gaiak lagun min bat ekarri zion gogora gipuzkoarri: “laguna ez da gai espazio itxietan egoteko eta erabat beldurtzen da metroko eskaileretatik behera joan behar duenean”.
Obsesio horretatik abiatuz, Cazenavek Bartzelona, Paris, New York eta Bilboko metroetan makina bat irudi kliskatu ditu. “New York da gehien disfrutatu dudan hiria. Metroko geltokia eta linea sarea hain da handia ez nintzela gai neure buruan non zegoen jakiteko, horrek irudi surrealista antzekoak garatzen lagundu zidan. Ez nuen inolako arazorik izan poliziarekin, Espainian baino hobeto egin nuen lan. Bartzelonan, esaterako, egun debekatuta dago argazkiak egitea”, dio.
Argazkilariak bagoi eta geltokietako jendea kliskatu ditu. Distantzi oso laburretan egin du lan, gertu-gertutik atera ditu argazkiak, baina horrek ez dio inongo arazorik sortu: “Hirietako jendeak haien espazio eta atmosfera pertsonala inbadituta izan ohi dute. Beraz, haien baimenik gabe lan egitea, beste tokietan baino errazagoa da”.
SUBLIFE izeneko multimedia egitasmoari dagokionez, Cazenavek BOTIKA izeneko talde multimediarekin egin du lankidetzan. Gipuzkoarraren aburuz, gaur egun argazkigintzaren mundua asko aldatzen ari da, “batzuetan onerako, beste batzuetan txarrerako”, eta argazkilaria aldaketa horiez ohartu behar da, “barneratu behar ditu hobeto komunikatzeko asmoz”. Aldaketa horietako bat artistaren lana aurkezteko modua litzateke: “mugimendua, musika eta soinuek zuk adierazi nahi duzuna jendeari hobeto ulertzen lagun diezaiokete”.