Nontzeberri

Bizipoza falta al zaigu?

Gaur, urriaren 27an, Patxo Telleriak zuzenduriko Bizipoza pieza ikusteko abagunea izango da Arriaga Antzokian. Obra Pabellón 6en Antzerki Laborategiaren azken ekoizpena da, eta Olatz Ganboa, Josu Angulo Anthonisen, Ione Irazabal, Itxaso Gil eta Aiora Sedano dira protagonistak.

“Bizipoza endredo katartiko bat da eta, komediaren bidez, familia-drama ia guztien antza duen familia-drama bati heltzen dio. Pablok uste du bizipoza falta zaiola alaba Leireri. Leireren ama Mirenek uste du bikotekide Pablo ez dagoela burutik sano. Leireren amona eta Mirenen ama Mariak, berriz, hirugarren adinarekiko errespetua falta zaiela alabari, suhiari eta bilobari. Ane psikoterapeutak uste du, eskrupulu handirik ez baitu bere metodoekin, familia horrek eman diezaiokeela hipoteka kitatzeko falta zaion dirua”.

Ekintza hasten denean, hegazkin-istripu izugarri batean hiltzeko zorian dago Leire. Baina ez dadila izua zabaldu, bizipoza berreskuratzeko terapia bat besterik ez da. Izan ere, Bizipozak aukera bat eskaintzen digu geure burua ispiluan islatuta ikusteko eta geure ahuleziei barre egiteko.

Arriagan eskaini ostean, Pabellón 6 aretoan ikusi ahalko da urriaren 30etik azaroaren 22ra, ostiraletik igandera.

Exit mobile version