Nontzeberri

BIME Live urriaren 28tik 31ra

BIME, musika-industria iberoamerikarraren erreferentziazko topaketa, bihar hasiko da Bilbon eta larunbatera arte iraungo du. Hamahirugarren edizio hau oso berezia izatea aurreikusten du jaialdiak.

BIME Live, BIMEren showcase eta kontzertu-jaialdia, finkaturik dago jada nazioarteko proiekzioa duen musika-talentuaren plataforma nagusi gisa, eta zuzeneko musika-agertokien zirkuitu handi bihurtuko du beste behin Bilbo. Hiriburuko hainbat aretotan egingo dira hirurogeita hamar kontzertu baino gehiago; Kafe Antzokia, Crystal, Stage Live, Back Room, Dock, Bilborock, La Ribera, BBK Aretoa eta Cotton Club aretoetan hain zuzen ere. Kontzertuak showcase moduan aurkeztuko dira, hau da, iraupen laburreko kontzertuak, bereziki pentsatuak artistek beren errepertorioko onena ezagutaraz dezaten. Sarrera librea izango da edukiera bete arte BIME Pro programan akreditatutako partehartzaileentzako lehentasunarekin.

Aurtengo kartelean gaur egungo tendentzien erreferente diren izenak ikusi daitezke; Delaporte, Villano Antillano, Queralt Lahoz eta Javiera Electra beste askoren artean. Baina euskal taldeez gozatzeko aukera ere egongo da; Silitia, Txopet edo Marte Lasarte moduko proiektu apurtzaile eta berritzaileek ere parte hartuko baitute jaialdian.

BIME Live sendoturik dago jada guztientzako hiri-jaialdi gisa eta Bilboko musika-agenda urte osoan bizirik mantentzen duten areto eta lekuetan egiten da. Espazio horien lana indartzearen alde egiten du, hiriko kultura-eragile erabakigarriak baitira. Jaialdi honek, beraz, gonbidapen berezia egiten du soinu freskoak esploratzera, istorio berriak deskubritzera eta dagoeneko puri-purian dagoen eta etortzear dagoen musikaren emozioa bizitzera.

Exit mobile version