Nontzeberri

Billy Bao, Bilboko eraikinetan barrena

Valentziako Burka for Everybody eta Madrileko Terminal Picnic diskoetxeek Billy Bao noise-punk taldearen Buildings from Bilbao izenburuko LPa argitaratu dute.

Billy Bao hainbat taldetan aritutako musikariek osaturiko noise-punk proiektua da. Oraingoan hauexek izan dira musikariak: Xabier Erkizia (gitarra; Gutariko Bat, Ornitorrinkus…); Iñigo Telletxea (baxua; Xabier Montoia, Petti…); Alberto Lopez (bateria; La Secta, Atom Rhumba…) eta Billy Bao nigeriarra (ahotsa). Grabazio honetan ez du parte hartu jatorrizko taldekide den Mattin musikari bizkaitarrak; bai, ordea, Jean-Luc Guionnet saxo jotzaileak.

Taldea punkaren, zarataren eta esperimentazioaren esparruetan aritzen da, eta hainbat grabazio egin ondoren, Buildings from Bilbao hau esperimentalena dela esan daiteke.

Bandaren ibilbidean ohikoa da grabazio guztiak kontzeptu zehazt batetik abiatzea. Esate baterako, Fuck Separation diskoan kantu bera diskoaren bi aldeetatik zabaltzen zen. Grabazio berri honetan duela 40 urte inguru Detroiteko Stooges talde mitikoak grabaturiko Funhouse diskoaren egitura bera hartu dute, alegia, kantu kopuru, izenburu eta iraupen berdinak, eta Bilboko San Frantzisko auzoaren inguruko soinu-azterketa grabatu dute. Horretarako, sekuentzia eta ehundura urratzaileak, hardcore pasarteak eta Afrikako musiken sanplerrak erabili dituzte.

Horretaz gain, diskoa ingelesezko testu mamitsuarekin josita datorren azal bikoitzarekin jantzi dute. Bertan, auzo horretako kaleetan eta eraikinetan barrena ibiltzen diren pertsonen ikuspegi sozial, ekonomiko eta historikoa bildu dute, gordin eta kutsu kritikoarekin.

Entzule arrisku zaleentzako lan interesgarria da, zaratatsua eta zorrotza.

Exit mobile version