Nontzeberri

Bilboloop jaialdiaren aurkezpen festa izango da ostiralean

Ostiralean, hilak 6, Bilboloop 15 jaialdiaren aurkezpen-ekitaldia egingo dute Bilboko Ambigu tabernan, 21:00etatik aurrera.

Ekitaldian, Sonic Trash talde bilbotarrak Látigo kantuaren bideo-klip berria estreinatuko du, eta Imanol Aldonzak iazko edizioari buruzko argazki-erakusketa inauguratuko du. Horretaz gainera, disko jartzaileak ere arituko dira: Sonic Trash dj’s eta  Bilboloopers. Hori  guztia, Off Bilboloop egitarauaren baitan egingo da.

Larunbatean, halaber, Maiatzaren 2ko Kalean egin ohi den merkatuan, Empty Files-en kontzertua ere izango da, 13:30ean. Txufo Wilson bilbotarraren egitasmoa da Empty Files, elektronika eta rock uztartzen dituena. Hori ere Off Bilboloop programaren barruan.

Aurtengo Bilboloop  jaialdiaren harira, azaroaren 20an eta 21ean egingo da, ohiko tokian; hots, Bilboko Kafe Antzokian. Ostiralean, hilak 20, Amatria, Cliché eta La Bien Querida izango dira oholtzan; larunbatean, hilak 21, berriz, Sonic Trash, Pins eta Boxed In.

Laster, jaialdian parte hartuko duten sei talde horien informazio gehiago zabalduko dugu.

Exit mobile version