Korrontzi taldearen 20. urtebetetzea ospatzeko, Bilboko Udal Musika Bandarekin batera egindako disko bat kaleratu dute. Lan berri horretan, “euskal folkaren sustraiak eta musika banda baten indar sinfonikoa” uztartzen dira. Bilboko Udal Musika Bandaren eta Korrontziren arteko lankidetzari esker euskal kulturari balioa ematen zaio eta munduari gure sustraiak transmititzeko modu berriak zabaltzen dira.
Elkar estudioetan grabaturiko lan berriak taldearen 20 abesti enblematikoenak biltzen ditu CD bikoitz batean, non trikitixa elementu nagusi gisa agertzen den.
Disko honekin “Korrontziren bi hamarkadako ibilbidea omentzen da, euskal musika eta kultura munduan zehar eraman dituen laukotea”.
Korrontzi (Euskal Herria, 2004) folk musika taldea Agus Barandiaran trikitilariak sortu zuen. Bere helburua euskal musika herrikoiari zein bere lurraldeko antzinako hots tradizionalei beste ikuspuntu moderno eta garaikideago bat ematea izan da, beti ere trikitixa musikan oinarritutako ikuspuntu batetik. Sonoritate berri hau lortzeko, musika estilo modernoagoez inguratu eta, besteak beste, mandolina, baxu elektriko, kontrabaxu edo perkusioen laguntza izan du.
Urte hauetan zehar, Korrontzik bere kultura, hizkuntza, dantza eta musika eraman ditu mundu osoan zehar, jaialdi handietan joz eta hainbat herrialde bisitatuz.
Diskoa abenduaren 5etik 8ra Landako Gunean egingo den Durangoko Azokaren edizioan oso presente egongo da.