Nontzeberri

Bilboko “Poltsiko Musika” programak askotariko soinuak bilduko ditu ostiraletik aurrera

Poltsiko Musika programaren edizio berri bat hasiko da bihar, eta askotariko estiloak bilduko ditu, tartean, rock, rhythm and blues, pop eta Brasilgo musika. Bihar, hain zuzen, Brasilgo musika jorratzen duen Hugo Silveira Quartet taldeak joko du Barrainkuako Udaltegian, 19:30etik aurrera.

Hugo Silveira gitarra jole, abeslari eta konposatzaile brasildar Tarde-me izenburuko grabazioa aurkeztuko du, laukote formatuan, “argitaratu gabeko bere abestiekin eta moldaketa garaikideak dituzten bertsioekin, erritmo afro-brasildarren fintasuna eta indarra nahastuz”.

Gainerako kontzertuei dagokienez, apirilaren 15ean, Dr. Maha´s Miracle Tonic banda bizkaitarrak rhythm & blues, country, bluegrass eta antzeko estilo zaharrak joko ditu.

Apirilaren 22an,  Estankona musikari bizkaitarrak Ardatza izenburuko lana aurkeztuko du. Hala, diskoan post-rock giroak nagusitzen diren arren, Mediterraneo itsasoak bustitako lurraldeetako musiken oihartzunak ere antzeman daitezke.

Azkenik, apirilaren 29an, Los Jalapeños de la Frontera taldeak blues eta rock doinuak joko ditu. Oraintsu grabatu duten  diskoko abestiak askotarikoak dira: blues, rock-and-roll, country, folk edo jazz.

Kontzertu guztiak Barrainkuako Udaltegian egingo dira, 19:30etik aurrera. Informazio gehiago: bilbaokultura.eus.

Exit mobile version