Nontzeberri

Bilboko La Fundicion aretoren martxoko agenda

Kontu interesgarriz beterik dator La Fundicion aretoaren martxoko agenda. Aste buru honetan bertan, 8an eta 9an, Kataluniatik datorren La Taimada taldeak bi pieza egingo ditu: Filia et fobia eta La mort.

Olga Álvarezek (arte eszeniko) eta Jordi Cabestanyk (ikusizko arteak) zuzendutako konpainia katalanak giza edertasunaren eta hauskortasunaren kontzeptuak lantzen ditu. Beren lanetan intimitatea, samurtasuna eta gizakien ekintzen krudeltasuna ere nabarmentzen dira, eta publikoari voyeur posizioa ematen diote (deserosoa ziurrenik). La Taimadak eszenan sortutako irudi bortitzak, kasu honetan, “zuritik gorrirako, bizitzatik heriotzarako, buxaduratik errendiziora eta barkamenera doan txangoa” dira.

Hurrengo hitzordua martxoaren 16an izango da, eta Loraldia Festibalarekin elkarlanean, Kabia eta Monstruo baten etxean solasean ikusi ahalko dira, Jone Bengoa eta Josune Velez de Mendizabalen eskutik. Makur Antzerkia kolektiboko kide den Jone Bengoak Gasteiz jomuga izan zuten emakumeei egindako elkarrizketak jasotzen ditu Kabia piezan. Bestalde, Josune Velez de Mendizabalek Nestor Basterretxearen mundua jorratzen du Monstruo baten etxean solasean izeneko lanean.

Azkenik, martxoaren 22 eta 23an, Lluís Garauk La Carn lana egingo du. Performance erako pieza honetan antzerkia, teknologia, dantza eta musika nahasten dira eta, gainera, film bilakatu berri da, uda honetan estreinatuko dena.

Exit mobile version