Nontzeberri

Bilboko Kalealdia gaur bertan hasiko da

Gaurtik 7ra bitartean, Bilboko Kale Nagusi eta Zazpi Kaleetako inguruak arte eszenikoz beteko dira Kalealdiaren XIII. edizioarekin.

22 konpainia arituko dira aipaturiko toki horietan 48 proposamen eszenikorekin. Euskal Herriko bost talde arituko dira jaialdian, Gaitzerdi, Malas Compañías, Matrioska eta Anita Maravillas. Helena Golab dantzari eta koreografoak, halaber, bere kaleko lehenengo lana estreinatuko du, Pa.ti.N.

Beraz, musika ibiltaria, dantza garaikidea, kaleko antzerkia, zirku modernoa, clown, aireko akrobaziak, txotxongilo erraldoiak, denetarik izango da ikusgai Bilboko kaleetan. Horren guztiaren adibidea da Luc Amoros konpainia frantsesa. Talde horrek herrialde askotan harridura eragin duen antzerki ikuskizun surrealista aurkeztuko du, brikolajearen eta teknologiaren artean dagoena, arte plastikoekin batera. Bera izan da aurtengo jaialdiaren kartela inspiratu duena.

Gaurko egunean honako talde eta obra ikusi ahalko dira: Histoire de Famille taldearen Potin de fanfare, Collectif Nomadenkoren Les peintres nomades, Salut L´Artisteren Mystérieuses coiffures, Bris De Bananeren Les 4 Saisons eta Meurtre au Motel eta Matrioskaren Motel Matrioska.

Egunez eguneko egitaraua, eta konpainia guztien datuak eta obrak Kalealdiaren webgunean jasotzen dira.

Exit mobile version