Hiri nagusietako jaietarako programazioa ontzen ari dira, eta adibidez, Bilbok kaleko antzerkiko eta arteetako 15 konpainia bilduko ditu datorren hileko aste nagusian.
Abuztuaren 23tik 30era arte zirku garaikidea, antzerki bisuala, clowna, magia edo akrobaziak bilduko dituzten 23 ikuskizun programatu dira, Bizikidetasun Plazan eta Doña Casilda Parkeko Pergolan eskainiko direnak. Eskaintza hori Euskal herriko 4 konpainiak, Estatuko 8k eta nazioarteko 3k ekarriko dute.
Egitarauari hasiera emango dio Cia Trotamundos euskal konpainiak Finito-Infinito ikuskizunarekin, abuztuaren 23an, igandea, 12:30ean, Bizikidetasun Plazan. Jardunaldiak jarraipena izango du Bot Project valentziar eta kataluniar konpainiaren Collage 2024 ohe-elastikoko ikuskizunarekin; akrobaziak, umorea eta orekak uztartzen dituen proposamena 19:30ean izango da Pergolan. Eguna amaitzeko, Madrilgo Al Tran Tran konpainiak Los trovadores urbanos eskainiko du 21:15ean Bizikidetasun Plazan.
Eta amaiera (abuztuaren 30ean) Tomate Clown artista argentinarraren eskutik etorriko da. Pasen y vean ikuskizunak emango dio amaiera aurtengo Kaleko Antzerki eta Arteen programari. Emanaldia 12:30ean izango da Bizikidetasun Plazan.
Egun guztietako programazioa zertan den jakiteko egin klik hemen.
