Nontzeberri

Bilboko “III. Berbagunea” azaroan

Bi urte jarraian daramate Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Berbagunea izeneko ekitaldia antolatzen. Bilboko Alondegian egin izan da eta iazko ekitaldian 1.600 pertsona inguru elkartu ziren euskaraz mintzatzeko.

Euskararen aldeko ekintza hau beti  izan da oso arrakastatsua, eta horrexegatik, aurten ere antolatuko da. Hortaz, III. Berbagunea azaroaren 13an izango da eta aurreko ekitaldietan erabilitako dinamika berarekin egituratuko da, hots, Bilboko Alondegian izango da, goiz eta arratsaldez, sei laguneko mahaietan, gai ezberdinak jorratzeko, dinamizatzaileekin, eta euskaraz, dena euskaraz!

Antolatzaileek bidalitako oharrean aipatzen denez, “helburu nagusia ez da aldatu, hau da, ikasle euskaldunek nahiz euskalduntze prozesuan dabiltzanek nahiz euskaldun petoek elkarrekin euskaraz aritzeko aukera izatea da, eta bide batez, Bilbon euskararen erabilera indartzeko ahalegina egitea. Hau dela-eta, hamasei urtetik goragoko euskaldunak lortu behar ditugu multzoka euskaraz jardun dezaten”.

Beraz, hemendik ere animatu nahi zaituztegu: zuek edo zuen elkarteko kide eta lagun koadrila, ikastetxe, eta edozein euskaltegitako ikasleak, joan zaitezte Berbagunera!

Hortaz, data ondo gorde eta zuen agendan jaso, eta aurrerantzean datu gehiago jasoko dituzue.

Exit mobile version