Bilboko auzoetan garatzen ari den Eszena Kalera Bilboko Udalak antolatu du, eta irailaren 30a arte, hots bihar arte, 32 emanaldi eskaini dituzte talde askok. Ekimenak 17 euskal konpainia bildu ditu, eta horietariko batek amaiera emango dio jaialdiari.
Diogun moduan, gaur eta bihar izango dira azken emanaldiak eta horietaz Markeliñe taldea arduratu da. Talde horrek Artilusio pieza egingo du. Ilusio artistikoak sortzen dituen tramankulu bat da taldeak erabiltzen duena. “Imajina dezagun liburuz elikatzen den eta bihotz-taupaden erritmoan funtzionatzen duen itxura fantastikoko makina handi bat, eta tramankulu horren ondoan, Greta, adineko emakume maitagarri bat. Tramankulua bere liburuen fantasia birsortzeko jostailu handi bat bezalakoa da Gretarentzat. Berarekin Pina zaintzaile gaztea dago eta haren istorio eta fantasietan korapilatuko da. Makinak Gretaren gustuen araberako fantasiazko egoerak sortuko ditu: literatura unibertsaleko pertsonaia misteriotsuak zein munduan zeharreko bidaia fantastikoak. Horiek guztiak ongi pasatzeko eta jolasteko agertoki bilakatuko dira”.
Programa gustu eta publiko guztietarako pentsatu da, eta hainbat arte-diziplinatako emanaldiak eskaini dira, hala nola, zirkua, magia, musika, kale-antzerkia, animazio-antzerkia, clown-ak, dantza, musika eta dantza, txotxongiloak edo diziplinarteko emanaldiak. Euskaraz zein gaztelaniaz eskaini dira.
Programazioa osoa zertan izan den jakiteko, egin klik hemen.
