Nontzeberri

Bilboko “Bidaiarien Txokoa” ekimena amaitzeko, musika

Bidaiarien Txokoa ekimenak abentura eta bidaia ederrak biltzen ditu Bilboko Begoña eta Santutxu auzoetan. Aurten martxoaren 18tik 27ra egin da eta bertan, hitzaldiak, dokumentalak, erakusketak eta kontzertu batek osatu dute egitaraua. Hain zuzen ere, gaur, hilak 27, kontzertu berezi bat programatu da.

Bilboko Udalaren programak “bidaiariak biltzen ditu esperientzia pertsonalak trukatzeko, pertsona guztiekiko ulermen- eta errespetu-balioak sustatzen dituzten errealitate eta kultura desberdinak ikusarazteko.”

Lehen egunean Afrika izan zen protagonista, eta Igone Mariezkurrenak Lesothon egindako bidaia baten esperientzia kontatu zuen. Horren ostean, Hans Fandor eta Gerard Jankal kideek alderantziko bidaia kontatu zuten, Afrikatik honaino, El viaje por la vida saioan. Ostiralean eta astelehenean, Mendi Film Festibaletik iragan diren proiekzio onenen aukeraketa bat ikusteko aukera egon zen.

Aste honetan hiru hitzaldi antolatu dira Ander Arcos, Ane Miren Miralles eta Mariona Sanz protagonisten eskurik. Bidaiarien esperientziez gain, bi erakusketa ere paratu dira. Lehenengoa Basa Bizitza izeneko argazki-erakusketa da eta bigarrena Bidaia marraztuak.Koaderno ilustratua: bidaia kontatzeko modu artistikoa.

Azkenik, aipatu behar da gaur, hilak 27, Italiako Calabriara eramango gaituen Maria Teresa Lonetti kantautorearen kontzertu bat antolatu dela. Bere proiektu musikala soinu-bidaia bat da, herri-musika, antzinako kantak eta sorkuntza garaikidea batzen dituena. Bereziki, erreparatzen die emakumeen ahotsari, erresistentziari, lurrarekiko maitasunari eta memoria kolektiboari.

Programatutako jarduera guztiak hemen kontsultatu ahal dituzue.

Exit mobile version