Bilboko Udalak antolatutako Bilbaopoesía Literatur Jaialdiak bere 26. edizioa egingo du gaur hasita (hilak 14) eta martxoaren 22ra bitartean. Jaialdiak Euskal Herriko, Estatuko eta nazioarteko poeta ezagunen ordezkaritza zabala izango du.
Programazioa gaur berton hasiko da Markos Gimeno artistaren obrari buruzko Sukramarkus performancearekin, Mursegoren eskutik. Loraldia jaialdiarekin lankidetzan, Markos Gimenok sortutako palindromoen berrirakurketa librea egingo du Maite Arroitajauregik.
Datozen egunotan, eta poeta batzuk aipatzearren, Amalia Iglesias, Aroa Moreno, Ben Clark, Berta Piñán, Fernando Chivite, Harkaitz Cano, Isabel Bono, Jessica Zuan, Joxe Rui Teixeira, Laia Noguera, Lauren Mendinueta, Luis Muñoz, Maribel Andrés, Miren Agur Meabe, Pablo García Casado, eta Sara Herrera Peralta idazleen poemekin gozatzeko abagunea izango da.
Bihar, martxoaren 15ean, Blas de Otero eguna ospatuko da eta jaialdiak bere figura gogoratuko du Gontzal Mendibilen proposamen musikal batekin. Egile bilbotarraren jaiotzaren urteurrenean, Gontzal Mendibil kantautoreak Hitza geratzen zait omenezko diskoa aurkeztuko du. “Blas de Oteroren poema gizatiarrak euskarara isurita, munduko zarataren aurkako antidotorik onena dira”.
Eta igandean, hilak 16, Laura Sam artistaren testu berrienak biltzen dituen spoken word erakusketa izango da Bidebarrietako Liburutegian. Bertan, “kritika soziala, amatasun disidenteak, belaunaldien krisiak eta betiko urduritasun politikoa lantzen dira”.
Poeten lehen errezitaldia martxoaren 17an, astelehenean, egingo da El viaje de las palabras titulupean. Topaketa horrek azken hamarkadetako hiru ahots nabarmen bilduko ditu: Isabel Bono, Fernando Chivite eta Pablo García Casado.
Hurrengo egunean, poesia penintsularraren aberastasuna, hizkuntza eta itsaso ezberdinetako lau poetaren bertsoetan: Bereta Piñán asturiarra, Laia Noguera kataluniarra, Harkaitz Cano donostiarra eta Rui Teixeira portugesa, Voces de la Península izenpean.
Eguaztenean, hilak 19, Munduaren eta poesiaren ikuspegi eta bertsioak, lau egileren eskutik: Ben Clark ibizarra, Teresa Irastortza gipuzkoarra, Sara Herrera Peralta cadiztarra eta Aroa Moreno madrildarra.
Lugares para el fuego izeneko errezitalean, hilaren 20, Amalia Iglesias (Palentzia), Luis Muñoz (Granada) eta Maribel Andrés (Salamanca) bilduko dira.
Azkenik, Poesiaren Munduko Egunean, ibilbide handiko hiru emakumek beren poemak irakurriko dituzte: Jessica Zuan (Suitza), Lauren Mendinueta (Kolonbia) eta Miren Agur Meabe (Bizkaia).
Martxoaren 22an, poesia, flamenkoa eta salaketa soziala aldarrikatuko ditu beste behin Manuel Gerena kantautoreak.
Errezitaldi eta kontzertu guztiak Bidebarrietako Liburutegian izango dira 19:00etan.