Beste urte batez, Bilbo hiria abentura, natura eta mendi zinemagintzaren topaleku bihurtuko da Mendi Film Festivalaren 10. ediziorekin, abenduaren 8tik 17ra.
Atzo bertan aurkeztu zen Bilbao Mendi Film Festival 10. edizioa, bai eta egitaraua, aurtengo edizioko trailerra eta kartela, Sail Ofiziala, gonbidatu bereziak, gainerako ekitaldiak, WOP Saria, eta Mendi Short 2017 lehiaketako irabazlea ere. Bertan Eduardo Martinez (BMFF Presidentea) eta Jabier Baraiazarrarekin batera (BMFF Zuzendaria), Oihane Agirregoitia (Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia), Lorea Bilbao (BFA Euskara eta Kultura Diputatua), Jon Redondo (EJ Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaria), Gorka Martinez (BBK Zuzendaria) eta Mikel Renteria (The Walk On Project) izan ziren.
Aurtengo jaialdian emakumeek hartuko dute protagonismo handia, izan ere, Catherine Destivelle, Lynn Hill, Josune Bereziartu eta Edurne Pasabanek hiria bistatuko dute hitzaldietan parte hartzeko. Horiez gain, Bernadette McDonald idazlea, Katie Ives Alpinist aldizkariko editorea, Lara Izagirre zinemagilea, edota Luisa Alonso-Cires Pyrenaica aldizkariko zuzendaria ere bertan izango dira.
Jennifer Peedom zuzendariaren Mountain filmak zabalduko du jaialdia Euskalduna Jauregiko Hasiera Ekitaldian, abenduaren 8an.
Hamargarren edizio honetan, 51 filmek osatuko dute Sail Ofiziala denetariko estilo eta jarduerak jorratu dituztenak. Parte hartuko duten herrialdeak honakoak dituzue: Amerikar Estatu Batuak (9 filma), Kanada (7), Alemania (4), Erresuma Batua (4), Austria (4), Australia (3), Frantzia (3), Italia (2), Argentina (1), Bulgaria (1), Eslovakia (1), Polonia (1), Suitza (1) eta Txina (1), eta baita Erresuma Batua eta Frantzia arteko koprodukzio bat ere.
Abenduaren 16an ezagutaraziko dira Sail Ofizialeko sariak, Jesus Mari Lazkano artista, Paul Urkijo zinegilea, Deb Smythe Banff zinemaldiko zuzendaria, Nancy Rosenthal New Yorkeko Wild zinemaldiko zuzendaria, eta Jack Tackle alpinista izango dira epaimahaikideak
Peter Habeler alpinista izango da aurtengo The Walk On Project saria, eta abenduaren 16an Juanjo San Sebastianekin solasean arituko da eta film homonimoa aurkeztuko du Sail Ofizialean. Pelikula guztien artean lau euskaldunak dira: Mikel Peña Sarrionandiaren Aurrera, Luis Arrietaren Bizi II, Iker Elorrietaren Mr Ibex, eta Mattin Zeberioren Zortzi Yukon.
Film interesgarriez gain, workshopak izango dira, hainbat erakusketa, hitzaldi, mahai-inguru eta abar.
Programazio guztia, noiz, non eta zer ikusteko: Mendi Film.