Udalak antolatzen duen Bilbao Hiria Pop-Rock lehiaketak 30. urte beteko ditu aurten. Data berezi hori behar bezala ospatzeko makina bat pertsona bilduko dira gaur Bilborock-en, 20:00etatik aurrera, 2018ko Bilbao Hiriaren aurtengo edizioari hasiera emanez.
2018ko edizio honetan bi helbururekin abiatuko da: zuzeneko musika egiten den espazioetan emakumeen presentzia zailtzen duten trabak kentzea, eta banda eta publiko gaztea lehiaketara berriro ekartzea. Aurten, pop-rock-eko eta metaleko ohikoez gain, kategoria berri bat egongo da: Urban kategoria. Horren barruan soul, R&B, funk, musika afroamerikarra, reggae, rap, hip-hop, trap, beatbox eta elektronika estiloek izango dute lekua.
Hala, maiatzaren 2tik 31ra, lehiaketaren webgunean zabalik egongo da deialdia, Europako musika-bandentzat. Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketak hiru fase ditu: Lehenengo fasean izena eman duten taldeetatik epaimahaiak 32 talde aukeratuko ditu: 16 talde Pop Rockekoak, 8 Metalekoak eta 8 Urbanekoak; bigarren fasean hiru modalitateetan aukeratutako taldeek zuzenean joko dute Bilborock aretoan, irailean eta urrian. Fase honetan, epaimahaiak kategoria bakoitzeko 3 talde aukeratuko ditu; eta hirugarren fasean aukeratutako taldeek azken kontzertuetan joko dute Bilborock-en, urrian.
30. edizioan 22.900 euro banatuko dira saritan; sari potoloenak 4.000 € ditu.
Pop-Rock lehiaketak 30. urte beteko dituela-eta, gaur, 20:00etan hasita, urte hauetan guztietan lehiaketan parte hartu duten talde batzuk, musikako profesionalak, epaimahaiko kideak eta kazetariak jai batean elkartuko dira.