Pop Rock Bilbao Hiria lehiaketaren 24. edizioaren kontzertuak bihar, irailak 13, hasiko dira Bilborock aretoan Pop Rock ataleko kontzertu batekin. Hiru talde izango dira 20:00etan agertokian: Terrier (Madrid), Beggar’S House (Sevilla) eta Tooth (Bizkaia). Emanaldiak doakoak dira.
Etzi, irailak 14, Beste Joera Batzuk ataleko kontzertuaren txanda izango da. Eszenatokian abangoardiako lau proposamen izango dira: Erik Urano & Zar1 (Valladolid), Platiblond Extreme (Bizkaia), The Zares (Asturias) , Elbis Rever (Bizkaia).
Irailaren 20an izango da hurrengo hitzordua. Egun horretan pop rock doinuak jorratzen dituzten hiru talde izango dira: Shesophi (Araba), Milton (Alacant) eta Ion Tides (Valentzia). Irailaren 21ean, berriz, metal zaleentzako zita izango da: Neila eta Quaoar taldeak, biak ala biak bizkaitarrak.
Irailaren 27an eta 28an beste bi kontzertu izango dira. Hala, 27an, Esponja (Bartzelona), Señores (Bizkaia) eta Maud The Moth (Madrid) taldeek joko dute pop-rock atalean, eta 28an, ostera, metal estiloko Orion Child eta Dawn Of The Maya banda bizkaitarrek joko dute.