Umorez betetako Bajo Terapia komedia, egun hauetan egiten ari dira Bilboko Arriaga Antzokian. Maiatzaren 12tik 14ra, arratsaldeko 20:00etan, Gorka Otxoa euskal aktorea Manuela Velasco, Fele Martínez, Melani Olivares, Juan Carlos Vellido eta Carmen Ruiz antzezle ezagunekin arituko da parodia lehergarrian.
Antzezle taldea, telebistako hainbat serie arrakastatsutan agertu dira eta guztiek dute ukitu komiko eta antzerkiko jolaserako gogoa. Kasu honetan, terapia moduko zerbait baliatu dute bikotearen unibertsoan sakontzeko. Obran, “mota guztietako gatazkak izan arren, ezaugarri komun bat duten eta terapiara doazen hiru bikote dira: elkarrekin bizitzearen zailtasuna”.
Arriaga Antzokiaren arabera, “aitorpenak, eskakizunak, egiak eta gezurrak nahasten dira barre algarak eragingo dituen oso saio terapeutiko berezian, umore freskoari, arinari eta adimentsuari esker”.
Matías del Federicok idatzi du lana eta Daniel Veronese zuzendari argentinarrak zuzendu du. Atzoko emanaldia ezberdina izan zen, izan ere, ikusmen urritasuna duten pertsonentzat egokituta izan zen obra.