Urtarrilaren 25etik 29ra Iruñean egingo dute Biko-Teka tailerra, eta horretarako deialdia egin du Galtzagorri elkarteak. Orotara, 37 orduko tailer praktikoa da eta honen helburua parte hartzen duen bikote bakoitzak album baten proiektua abiatzea da.
- edizioa izango da 2027koa eta bikote berria izango du gidari: Iñigo Astizek eta Maite Gurrutxagak osatutakoa, hain zuzen. Lau egun eta erdiko ikastaro trinko honetan liburu ilustratu bat nola pentsatu, idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daitekeen landuko da. Idazle-ilustratzaileak bikoteka jarri eta modu praktikoan nork bere lanera bideratutako erabakiak hartzen laguntzea da Iñigo Astiz idazleak eta Maite Gurrutxaga ilustratzaileak koordinatuko duten tailer honen helburua.
Hizlari gonbidatuak ere izango dira: Mirentxu Ibargarai, Haria argitaletxe eta harpidetza-zerbitzuaren sortzailea, eta Unai Pascual, Denonartean argitaletxeko editorea.
Tailerrean zehar ariketa praktikoak azalpen teorikoekin tartekatuko dira. Eta horrez gain, liburu grafiko baten sorrerarako lagungarri izan daitezkeen film, musika, irudi eta liburuak ere erakutsiko dira. Zenbait saiotan ikasleek ariketak egingo dituzte. Ariketa horietan, unean-unean lantzen ari diren gaiekin lotutako testu eta irudiak sortuko dituzte.
Eskaerak aurkezteko azken eguna azaroaren 27a izango da, eta aukeratutakoei abenduaren 7ko astean erantzungo diete.
Informazio guztia Galtzagorri elkarteak dauka.
