ATX Teatroak, Bilboko Udalaren Bilbao Aurrera Planaren diruz lagunduta eta Harrobia Bilbao-Otxarkoagako Ekoizpen Eszenikorako Berrikuntza Zentroaren laguntzarekin, Erdu! Bilboko Haur Antzerki Jaialdiaren lehenengo edizioa antolatu du. Jaialdia apirilaren 23tik 25era bitartean izango da, eta bere helburua euskarazko antzerki programazioa herritarrei, eta batez ere publiko gazteenari, hurbiltzea da.
Erdu! Bilboko Haur Antzerki Jaialdian formatu ertain eta handiko lau antzerki ikuskizun programatu dira haur eta familiei begira. Jaialdiaren xede nagusia da “disziplina ezberdinetako euskarazko haur eta familia antzerkia zabaltzea haren ohiko jarraitzaileei, bai eta tradiziozko espazio eszenikoetara joateko ohiturarik ez duen publikoari ere”.
Guztira lau antzezlan ikusi ahalko dira: apirilaren 23an, 18:00etan, Kotondarrak (Anita Maravillas / Portal 71); apirilaren 24an, 12:30ean, Etxerik txikiena (Yarlektu Teatroa); apirilaren 24an, 18:00etan, Kaskarot (ATX Teatroa); eta apirilaren 25ean, 12:30ean, Behin bazen internet (Itzuli Konpainia / 13r3p)
Ikuskizun guztietarako sarrera doan izango da eta hartu beharreko neurriak indarrean dagoen araudiaren araberakoak izango dira.
Informazio guztia https://atxteatroa.eus/erdu/ webgunean irakurri ahalko duzue.