Nontzeberri

Bihar hasiko da Donostiako XIV. Giza Eskubideen Zinemaldia

Donostiako Giza Eskubideen XIV. Zinemaldia apirilaren 15etik 22ra bitartean izango da. 33 film luzek, 23 film laburrek eta 5 erakusketek osatzen dute aurtengo programazioa.

Biharko inaugurazioan, Victoria Eugenia antzokian, Martin Zandvliet zuzendariaren Land of Mine / Under Sandet (2015) film daniarra pantailaratuko da.  22ra bitartean makina bat film emango dira pantaila handian; Philippe Faucon-en Fatima (2015) film frantsesa izango da ikusiko den azkena, horrek itxiko baitu zinemaldia.

Zinemaldiaren helburua sinple bezain argia da: ikusleek giza eskubideen aldeko kontzientziazio eta sentsibilizazioarekin konpromisoa hartzea. Horretarako dokumentalen, pelikulen eta film laburren emanaldiez gain, hainbat jarduera antolatzen dira, hala nola solasaldiak, erakusketak eta tailerrak.
Diogun bezala, 33 film luzek, 23 film laburrek eta 5 erakusketek osatzen dute aurtengo programazioa. Donostia 2016ko Kultur Hiriburutza dela eta, programazio hori bi ekitaldi berezirekin osatuko da: Human Rights Film Network Forum Europarrarekin eta Giza Eskubideen Zinemaldiko Nazioarteko Gazteen Topaketarekin.

Donostiako XIV. Giza Eskubideen Zinemaldiko Gazte Epaimahairako izen-emate epea ere zabaldu zen martxoaren 28ra arte, 18 eta 30 urte arteko gazteentzat. Epaimahaia 150 pertsonek osatuko dute eta Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari 3.000 euroko saria emateko ardura hartuko dute.

Filmak, ordutegiak eta egunak jakiteko, Donostiako Giza Eskubideen XIV. Zinemaldiaren programazioan begiratzea duzue onena.

Exit mobile version