Euskal Idazleen Elkartearen eskutik, Hitzen Mintegia–Idazketa Tailerrak antolatu dituzte Iruñeko Kondestable Jauregian, euskaraz. Eskolak bihar, irailaren 28an, hasiko dira, larunbatetan izango dira (urriaren 5ean eta urriaren 19an) goizeko 10:00etatik 13:30era. Interesdunek izena aurrez aldetik eman beharko dute irailaren 27ra arte, hortaz, gaur apuntatzeko azken eguna duzue.
Hitzen Mintegiaren xede nagusia da “egile berriek euskarazko literatura sor dezaten sustatzeko baliabideak eskaintzea. Baita idazleek elkar ezagutu eta prozesu eta dinamiken jabe egitea ere. Nola zabaldu idazten ditugun testuak? Zer egin gure hitzak jendearengana iritsi daitezen? Liburu bat argitaratzea al da bide bakarra?”
Mintegi horren ardura Mikel Ayllon antzerkigile, idazle, itzultzaileak eta Oier Guillan antzerkigile, idazle eta kazetariak hartuko dute.
Nola sortu jendaurrean eta taula gainean esateko testuak? Testu literariotik testu eszenikora izeneko lehen saioa irailaren 28an izango da, eta Oier Guillanek emango du. Bigarren saioa, Nola irakurri testu bat jendaurrean? Hitzetatik ahotsera eta gorputzera izenekoa, urriaren 5ean izango da, eta Mikel Ayllonek zuzenduko du.
Azkenik, urriaren 19an, Mikel Ayllonek, Igor Arzuaga musikariarekin batera, ikastaroan barneratutakoa praktikatzeko saioa egingo du. Hala, Kondestablearen Areto Nagusia jendearentzat zabalduko da eta partehartzaileek zuzeneko emanaldia eskainiko dute.
Euskal Idazleen Elkartean topatuko dituzue xehetasun guztiak.