Bihar hasita eta abenduaren 15era bitartean, Banizu Nizuke Kultur Antolakuntza eta Difusio Elkarteak BALA arte-liburuei buruzko azoka prestatu du Bilboko Zazpi Kaleetan dagoen Victor Kalean. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren eta Grafilur inprentaren babesa, eta Nontzeberri webgunearen laguntza izan du.
Bertan, liburu autoekoitziak, artisten katalogoak, argazki-liburuak, ilustrazioak, arlo grafikoa eta fanzineak ikusteko parada ezin hobea izango da. Horretarako, argitaletxeek, liburu-denda espezializatuek eta argitalpen autoekoitziek parte hartuko dute, hitzaldi, aurkezpen eta tailerretan.
Biharko egitarauan, Juan Barbék paper-tailerra egingo du, 11:00etan; eta Papel Japonés izeneko dokumentala ere proiektatuko da. Egun horretan, gainera, lau proiektu aurkeztuko dira (María Yelletisch eta Nerea Ayerbe izango dira hurbilduko diren adituetako batzuk) eta liburu-denda espezializatuen inguruko mahai-ingurua ere izango da.
Bigarren egunean, abenduak 13, artisau-koadernaketari buruzko tailerra egingo du Paperontziako kide Felix Aranburuk, 11:00etan; KLOF eta Pop Pilulak fanzineak ere aurkeztuko dira Iñaki Landa eta Julen Azpitarte egileen parte-hartzearekin. Egun horretako hitzaldia inprenta espezializatuaren gainekoa izango da. Hitzaldia Grafilu inprentako Dani Rodriguezek zuzenduko du.
Larunbateko tailerra, 11:00etan, liburua izango du ardatza Eso que hay ahí es un libro izenburupean, eta Ainara Bezanillak (Mundanalrüido) zuzenduko du. Ohiko proiektuen aurkezpenez gain, banaketa alternatiboaren gaineko hitzaldia ere izango da; hizlariak Fabio de la flor (Delirio argitaletxea) eta Gari (Belleza infinita) izango dira; Al son del punk. Escenas del Punk en Cuba liburuaz mintzatuko dira Banizu Nizukeko kideak.
Azken egunean, igandea, haurrentzako tailerra izango da Tu eres mi casa izenekoa. Tailer hori ere Ainara Bezanillak gidatuko du.
Bestelako informazioa, ekimenaren webgunean duzue.