Nontzeberri

bIDEhUTS: “Taldea da diskoa aurrera atera behar duena.”

Iruneko Lisabö taldearen Ezlekuak lanak piztu zuen Bidehutsen bidea duela hiru urte. Harrezkeroztik, beste bederatzi grabazio plazaratu ditu, aurten, hain zuzen, bost: Irla Izan (Anari), A shake in calm water (Audience), Willis Drummond (Willis Drummond), Fosbury (Inoren Ero Ni) eta Gora Japon (Gora Japon). Bidehuts, baina, ez da ohiko diskoetxea. Autoekoizpenean oinarritzen da eta taldea da protagonista nagusia, taldeak egiten baitu diskoetxea eta ez alderantziz, eta berak ezartzen baititu bere jardueraren jarraibideak. Bidehuts estreinakoz izango da Durangoko Azokan. Bertan erakutsiko dituen harribitxiak, gainera, ez dira nolanahikoak izango. Izan ere, Bidasoaldeko kolektiboak (ez dugu zigilu hitza erabiliko, gure solaskide izan diren Asier Zuluetak eta Eneko Aranzasti Lisaböko bateria jotzaileak Bidehuts ez dela diskoetxea esan baitute) Euskal Herriko talde interesgarrietarikoen diskoak plazaratzen dituzte.

Zer da Bidehuts?
Asier Zulueta (AZ): Metak eta Esan Ozenki diskoetxeetan ibilitako zenbait taldek ikusi zuten bazegoela bide bat diskoetxe baten aritzetik aparte, bere gauzak argitaratzeko, eta produktua hobeto kudeatzeko eta kontrolatzeko hasieratik. Hortik abiatu ziren Lisabö eta Inoren Ero Ni, gehienbat bi horiek, zerbait egin behar zutela elkarrekin eta bat batean etorri zen Metaken itxiera. Itxiera horrek eragin zuen nolabait Bidehutsen hasiera, taldeek zerbait egin behar baitzuten euren hurrengo lanak argitaratzeko. Jakinda inork ez zuela taldeek baino hobeto egingo. Orduan, beti bezala, bazkari batzuetan bildu eta hitz egiten hasi ginen.

Hortaz, talde lagunen arteko ekimen bateratua da, ezta?
AZ: Lisabök bere lehendabiziko maketa argitaratu zuenean kopia bakoitzari azal ezberdin bat jarri zion, eskuz eginak zeuden, banan-banan egindakoak ziren. Espiritu horri helduta, baina hobetuta, alegia, bakar bakarrik ez egotearekin lotuta, elkartu eta laguntza eta ezagupenak partekatzen hasi ginen.

Hasieran beldurrik izan zenuten? Gaur egun ikusita nola dagoen diskogintza, diskoetxea abiatzea ez dirudi oso ideia ona.
Eneko Aranzasti (EA): Beldurrik ez zegoen ez zelako diskoetxea. Azkenean autoprodukzio baten inguruan gauzatu zen dena. Eta, gainera, autoprodukzio hori besteen laguntzarekin burutu zen. Finean, Lisabök Ezlekuak diskoa atera zuenean autoekoizpena egin zuen, baina Bidehutsen azpian, eta Bidehuts ez zegoen bakarrik Lisabö, Inoren eta Anari ere baitan zeuden. Hortaz, talde horiek osatzen dituzten pertsonen laguntza jaso genuen. Autoekoizpenaren bidea eta horrekin batera Bidehuts sortzea ez da diskogintzak bizi duen krisiaren ondorio zuzena izan. Hau da, ez da sortu taldeek zuten diskoetxe faltagatik, baizik eta autoekoizpenaren bidea berreskuratu nahi genuelako. Bidehutsen barruan gauden talderen batzuk eskaintzak jaso genituen zenbait zigilutatik, baina argi genuen lehenengo maketarekin egin genuen bezala, autoekoizpena zela gure biderik naturalena, eta nire ustez talde guztiek noizbait probatu behar duten bidea.

Hortaz, Lisabören Ezlekuak diskoa Bidehuts abiatzeko aitzakia izan zela esan daiteke?
EA: Inoren Ero Nirekin atera genuen Coupages saileko single partekatua izan zen aitzakia, baina azkenean atzeratu egin zen eta Lisabörena plazaratu genuen.

Bidehuts abiatzerakoan beste eredurik izan zenuten buruan?
EA: Guretzako eredua edo hobe esanda jarraibide nagusia izan zen dena autokoizpena izango zela. Hau ez da diskoetxe bat, ezin dugu dirua jarri taldeak graba dezan, Bidehutsek ez dauka dirurik. Taldea da diskoa aurrera atera behar duena.

Nolako tiradekin egiten duzue lan?
EA: Biniloak 500 ale eta CDak taldearen arabera.
Diskoetxe txikiak bat, bi edo hiru taldetan sustengatzen dira eta haien inguruan gainontzeko guztiak izaten dira, zuenean zeintzuk dira talde garrantzitsuenak?
AZ: Gure kasuan Hotel taldearen singlea zigiluaK sustenga dezake, berez ez baita zigilua. Bai dela marka bat, jendea jada gurea identifikatzen hasi da, webgunea ezagutzen hasi da, baina Bidehutsek zigilu moduan argitaratu duen gauza bakarra Coupage-a izan da. Beste guztia nork berea egin du.

Hortaz, sare-lana dela esan daiteke?
AZ: Bai, auzolana da, eta auzolan horretan Lisabök irekitako bidea baliagarria izan zitzaion atzetik etorri zen guztiari. Lisabören diskoarekin asko ikasi genuen, gainera Lisabö Lisabö da, Ezlekuak LPa da, eta oso ondo funtzionatu zuen bai disko gisa, bai zuzeneko moduan. Baina, single batekin ere ikasten dugu. Horrela, Hotel bezalako talde bat apenas inork ezagutzen ez duena, eta gure artean ez ohiko euskarri batean ateratzen dena, edo behintzat ahaztu samarra daukagun formatuan, horrekin ere ikasten duzu, eta zigilua mantendu egiten du. Kontua da, Lisabören diskoa agortuta bazegoen, nork ekarriko zuen Bidehuts hitza guztion ahora? Ba Hotelek. Hotelen ostean nork ekarriko du? Gezurra esango nizuke ukatuko banu badirela talde batzuk besteak baino gehiago saltzen dutenak. Hala ere, gerta daiteke asko saltzen duen disko baten ekarpena azken hilabeteetan hori izatea, alegia, ondo saltzea, baina azken hilabeteetan disko askorik saldu ez duen batek sekulako kritikak jaso dezake.

Auzolan horren ondorioz Bidehutsera hurbiltzen direnek aniztasun musikal asko ekar dezakete?
AZ: Ez. Niri zaila egiten zait horrelakoak esatea. Guk ez dugu fitxaketarik egiten, baina hasierako ideiaren inguruan sortu zen taldetik gaur egungo taldera aldaketak izan dira. Hurbilketak izan dira. Esaterako, Gora Japon hurbildu zitzaigun, baina ez dakit gu ez ote ginen lehenengo haiengana joan. Audience ere hurbildu zaigu, baina ez dakit guk ez ote dugun su hori piztu Audience gurera ekartzeko. Beraz, pixka bat abstraktua da, kontraesanetan erortzen gara, alegia, ez dira fitxaketak, baina jada ez dira kasualitatez gertatzen.

Gerta daiteke etorkizunean gero eta talde gehiago gerturatzea zuengana. Orduan zer egingo duzue?
AZ: Gure kontraesanetan ibiliko gara. Beraz, oso argi eduki behar dugu denok, eta taldeak ere oso argi ikusi behar du, talde batek zigilu batekin fitxatu nahi badu Bidehuts ez dela bidea, berak egin beharko baitu lana. Taldeak ez badauka lan egiteko eta arriskatzeko gogorik, eta benetan pentsatzeko, diskoa berea dela, Bidehutsen ez daukala zereginik. Berak ez badu egiten, inork ez du egingo.

Eta egile eskubideak kudeatzerakoan, taldeak berak erabakiko luke nola kudeatu?
Z: Diskoa taldearena da, beraz, berak erabakiko du. Aholkuak eman ahal dizkiogu, baina, esaterako, ezin diot inori esan kantuak SGAErekin erregistratzeko, eta alderantziz. Taldeak erabaki behar du, gainera, ez da gai samurra.

Eta banaketa kontua nola burutzen duzue? Betidanik izan da arazo zigilu txikientzat.
EA: Banaketaz orokorrean GOR diskoetxea arduratzen da.
AZ: Hor bai aritzen dela Bidehuts Bidehuts bezala, alegia, zigilu gisa.
EA: Horrez gain, guk banaketa txikia ere egiten dugu, webgunearen bidez, edo GOR iristen ez den tokietan.

Aurten erreferentzia piloa atera duzue, hasi zinenetik urte emankorrena izan dela esango nuke.
E: Aurten bost izan dira: Anari Irla Izan, Audience A shake in calm water, Willis Drummond Willis Drummond, Inoren Ero Ni Fosbury, eta Gora Japon Gora Japon.

Erritmo horrekin jarraituko duzue?

EA: Ez dakigu, ez daukagu inolako aurreikuspenik.
AZ: Taldeak markatu behar du erritmoa, eta Lisabö bezalako taldea tartean izanda, ez dakizu datorren urtean ezer ekarriko duten, hemendik bi urte barru hirukoitza ekarriko duten, edo Sandinista goitik behera bertsioneatuko duten (kar, kar).
E: Lehen aipaturiko Coupage single partekatuak lehendabiziko erreferentzia behar zuen, eta azkenean seigarrena izan zen. Hortaz, ez dago erritmo jakinik, gauza asko pentsatzen ditugu, baina gero gauzak datozen bezala egiten ditugu.

Aurten atera dituzuen erreferentziak ikusita, kanpotik ematen du gero eta zigilu izaera gehiago hartu beharko duzuela. Ados?
EA: Nik uste dut Bidehutsek orain lortu duela izen bat, itxura bat. Ez dakit, Lisabörena atera genuenean jendeak ez zuen Bidehuts ezagutzen, baina disko gehiago atera dugun heinean izena gehiago entzun da eta nik uste webguneak ere lagundu duela, eta, era berean, erreferentzia bihurtzen ari dela. Esaterako, AEBetako In The Red zigiluak talde berri bat ateratzen duenean bere webgunean begiratzen duzu diskoetxe hori erreferentzia delako, ba, nik uste, pixkana Bidehutsekin antzeko zerbait lortzen ari garela. Jendea interesatzen ari da.

Audiencen A shake in calm water da aurtengo azken diskoa. Nola sortu da harremana?
AZ: Oso luzea izan da, baina ez negoziaketan aritu garelako. Diskoa bera oso berandu da atera da grabatu zenetik. Lisabök Gernikan eman zuen kontzertuan zerbait hitz egin zen diskoaren inguruan, eta harremana berez atera zen, naturaltasunez. Oso ezberdina izan da adibidez Gora Japonekin. Diskoaren grabazioa Karlos Txap Osinagak egin zuen, eta gauza askorik jakin gabe, kantuak entzun genituen eta harremana sortu zen. Ondorioz, diskoak argitaratzekoan ez da inprobisatzen, intentzio bat badago, baina ez dago estrategia bat.

Zein da zuen Bidehutseko disko kuttuna?
EA: Lisabörenak ikasturte berri bat hasterakoan sentitzen duzun sentsazio bera eragin zidan. Diskoa atera eta posta bidezko salmenta egin behar zen, promoa, webgunea… dena zen guretzako, hau eta bestea egin behar zen. Zuzenean jo eta gero gauza piloa egin behar zen. Ez da kuttunena, baina asko markatu nau. Bestalde, Willis Drummond eta Gora Japonenak asko gustatzen zaizkit.
Z: Ez dakit esaten… Lisabörena kristona izan zen, lehendabizikoa; Anariren berria ikaragarria iruditzen zait disko gisa; Audiencena argitaratu berria da eta oso fresko daukat; Inorenekin ere hasieratik nago; Gora Japon; Willis Drummond… ez dakit esaten…

Eta aurten Durangon izango zarete. Nola gertatu da erabaki hori?
AZ: Hor ere izan genituen gure hizketalditxoak, eta iruditzen zait hamar disko ditugula, euskal kultura, gainera, ez da bakarra, anitza da, eta izan horrela behar du, eta Durango oso inportantea da euskal kulturarentzako, eta uste dugu han behar dugula egon. Izen batzuk beti aipatzen dira azokan eta aipatzen jarraituko dira, baina Durangoko Azokara hurbiltzen den jende askok urtean zehar akaso ez du gure berririk izango, eta han zenbait gauza ikusiko ditu eta zergatik ez gureak ikusi. Nahikoa ikusezinak izan gaitezke berez, hortaz, geure buruak ikusarazteko baliagarria da. Datorren urtean ez dakit izango garen, baina aurten bai. Durangon izatea dirua balio du, baina estimazioak egin genituen, honenbeste disko saldu behar ditugu denon artean Durangoko Azokako zorra kitatzeko, hortik aurrera datorrena, hortik aurrera dator.

Eta zer moduz aurtengo diskoen salmentak?
Z: Oso goiz da salmentak aipatzeko. Diskoak benetan zuzenekoetan saltzen dira. Horretarako, sarrera eta diskoa ez dira oso garestiak izan behar, kontzertua areto itxian behar du izan, eta kontzertua ona izan bada eta jendeak oraindik objektua maite badu salduko da. Hortik ateratzen ditugu salmenta handienak, eta orain webgunetik ere saltzen hasi gara erritmo onean. Kontsumitzeko ohiturak aldatu dira, eta Internetetik ere gero eta gehiago erosten da.

Exit mobile version