Jose Guerrero (gitarra eta ahotsa), Pablo Peiró (baxua) eta Marcos Junquera (bateria) musikariek osatzen dute Valentziako Betunizer banda. Musikariok hainbat taldetan aritutakoak dira, hala nola, Estrategia Lo Capto!, Ciudadano eta La Orquesta del Caballo Ganador. Orain arte bi disko argitaratu dituzte Bartzelonako BCore diskoetxearekin, Quien nace para morir ahorcado nunca morirá ahogado eta oraintsu plazaratu duten Boogalizer.
Valentziarrak Gasteizko Ibu Hots tabernan joko dute gaur, ekainak 28, Viva Bazooka bikote gasteiztarrarekin. Bihar, berriz, ekainak 29, Deustuko Gazte Lokalean izango dira, Viva Bazooka eta Meido bilbotarrekin batera. Azkenik, larunbatean, ekainak 30, Getariko gaztetxean izango dira Jupiter Jon gipuzkoarrekin.
Betunizer taldeak asteburu honetan gurean aurkeztuko duen Boogalizer diskoak hamaika kantu biltzen ditu. Doinuotan tarte zaratatsuak kutsu tropikaleko erritmoekin uztartzen dira lotsagabe. Diskoa zuzenean grabatu dute Santi Garcia ekoizle katalan prestigiotsuarekin eta emaitza gordina bezain iradokitzailea da, punk eta noise amorrua funk dantzagarriarekin oheratuko balitz bezala. Musika askea da hiruko valentziarrarena, etiketetatik ihes egiten duena, estilo anitzeko ertzak ukitzen duena, batetik bestera doan fluxu erritmikoa.
Valentziarrekin joko duten taldeei dagokienez, Viva Bazooka bikote gazteiztarrak (gitarra eta bateria) post etiketadun rock instrumentala jotzen du; Meido bilbotarrak rock zaratatsua jorratzen du eta amaitzeko, Jupiter Jonek iaz Pleistozenoko Astelehenak izeneko estreinako lana argitaratu zuen Bidehuts kolektiboaren bitartez eta post punk kutsuko erritmo primitiboak josten ditu.