Nontzeberri

“Beti oporretan”, Harkaitz Canoren lan berria

— Zergatik jarri diozu Summer izenburua erakusketari?
— Udan lan egitea gustatzen zait, teilaturik gabe. Udan galdetzen diot nire buruari zenbat uda geratuko ote zaizkidan oraindik bizitzeko… Hogeita hamar bat, beharbada?

Zita horrekin hasten da H. Canoren azken lana.

Uda, asteburu luzea, txangoa… geure buruari opa diogun gozamen tartea da oporraldia: atseden hartu eta indarrak berritzeko sasoi irrikatua. Beti ez dira gauzak espero bezala gertatzen hala ere. Desegokia suerta daiteke bidaidea, nahas liteke giroa edo trakestu familiako bakea. Zapuztu gaitzake ekaitzak, mehatxatu istripuak edo durduzatu ezustekoak.
Bizipozaren ifrentzuak badu bere taupada: iraganeko zoriona berritu ezinak dakarren sosegu eza. Zoriontsuak izan ginen lekuetara ez itzultzea gomendatzen dute zuhurrenek. Nola eutsi tentazioari, ordea, noizbait paradisu txikiren bat ezagutu baldin badugu?

Itsasoa, erreka, igerilekua, hondartza, irla,… nabarmen urtarrak eta naturaren atseginari lotuak dira narrazio hauetako asko.
Hamar urte dira Neguko zirkua plazaratu zuela Harkaitz Canok. Orain 14 kontakizunez ondutako Beti oporretan narrazio liburu berriarekin dator. 

Exit mobile version