Nontzeberri

Beste gerrako kronikak

Aita Santi Onaindia Bekaren XV. edizioaren ikerketa lanak eman duen emaitza kalean da: Beste Gerrako Kronikak (Bikote harremanak eta indarkeria Ramon Saizarbitoriaren eleberrigintzan). Egileak, Lourdes Otaegi eta Garazi Otsagabia dira. Beka 9.000 eurokoa izan da.

Urteak dira Amorebieta-Etxanoko udalak Labayru Fundazioarekin elkarlanean beka honen bidez euskal literatura arloko ikerketa sustatzeari ekin ziola, eta bidez batez, Santiago Onaindia euskal idazleari omenaldia eginez. Lankidetza horretatik sortu dira makina bat lan, eta azkenak orain ikusi du argia: Beste Gerrako Kronikak.

Lan horretan, beste gauza anitzen artean,  egileek Saizarbitoriaren eleberrietan pertsonaia maskulino eta femeninoen arteko harremanetan iradokitzen diren mezuen zentzuari arreta jarri diote. Beste aldetik, Saizarbitoriaren eleberrietako bikotekideen arteko inkomunikazioa, harremanetarako zailtasunak  badira ere, harrigarria da egiaz zein arreta gutxi eskaini zaion azterketa kritikoetan emakumeaz emandako errepresentazioari eta harekiko tratuaren berezitasunari.  Bertan ere, emakumea euskal gizarteko matxismoaren baloreek agintzen duten  egoera askotan biktima egiten dutela argitu nahi izan da. Izan ere, askotan agerian geratzen omen da euskal gizarte patriarkalari dagokion matxismoa, eta harekiko tolerantzia.

Beka honen aurreko edizioko irabazlea Gorka Mercero izan zen, Mundu-ikuskerak euskal narratiba garaikidean: modernitatearen krisitik postidentitatearen promesara lanarekin, Labayru argitaletxeak argitaratu zuena.

Exit mobile version