Blues, funk eta bestelako erritmo beltzak ardatz dituen Berumuga Bergarako jaialdia uztailaren 5ean hasiko da Bergarako Belceblues taldearen emanaldiarekin. Hala, uztaileko lau larunbatetan lau taldez gozatzeko parada izango da.
Uztailaren 5ean, Bergarako Belceblues taldea izango da protagonista. Bergararrek DVDa aurkeztuko dute Espoloian 21:00etan, eta ordubete geroago, kontzertua egingo dute. Asier Elorza, Oihan Vega, Ibon Larrañaga eta Guille Sanz musikariek osatzen dute taldea, eta oraintsu Diabulus in Musika izenburuko diskoa argitaratu dute.
Horretaz gainera, bandak hainbat blues jaialdi eta txapelketetan parte hartu du. Esate baterako, Road to Memphis nazioarteko lehiaketa irabazi du, eta AEBetako Memphis hiriko 29th International Blues Challence lehiaketaren final laurdenetan dago. Hain zuzen ere, Memphisera egindako bidaian jasotako irudiekin ondu dute dokumentala.
Hauexek dira gainerako hiru hitzorduak: uztailaren 12an, Mexikoko eta Madrileko musikariek osatutako The Lucilles soul taldeak joko du; 19an, Madrileko Edu Manzanas Project blues laukoteak joko du; eta, amaitzeko, 22an, Alemaniako Beatnblow banda arituko da, zeinak jazz, funk eta groove erritmoak egiten dituen.
