Nontzeberri

Bertsolaritzaren transmisioa gero eta sendoagoa

Bertsolaritzaren transmisioa Bertsozale Elkartearen proiektuaren zutabe nagusietakoa da. Bertsolari eta bertsozale berrien heziketan ikastetxeetan zein bertso eskoletan egiten den lana ezinbestekoa da bertsolaritzaren oraina eta etorkizuna bermatzeko.

Bertsozale Elkarteko sustatzaileen hitzetan, “2011-2012ko ikasturtea hasi berri den honetan, herrialde guztietan gogor ari gara lanean eta pozteko modukoa da bertsolaritzaren transmisioa urtetik urtera eremu berriak irabazten ari dela ikustea.
Ikasturte berri honetan guztira 374 ikastetxetan landuko da bertsolaritza Bertsozale Elkartearen eskutik. Iazkoarekin alderatuta, 47 ikastetxe berri sartu dira proiektuan. Horri esker, 20.270 ikasle dira astero edo hamabostero bertsolaritza landuko dutenak beren ikastetxean. Iazkoarekin konparatuta, aldea ez da makala, 2.828 ikasle gehiago baitira.
Hori guztia aurrera eramateko Bertsozale Elkarteko 36 bertsolaritza irakasle dira gelaz-gela proiektua garatzen dutenak. Zeregin horretan herrialdeetako zein Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko Transmisio saileko langileen ezinbesteko laguntza jasotzen dute.”

Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlan akordioa sinatu berri dute, 2011-12 ikasturtean abian jarri dena. Akordioa aurrerapauso handia eta mugarria da bi erakundeentzat. Azken urteetan herrialde mailako akordioak egin ostean, oraingoan hitzarmen orokor bat adostu dute. Hitzarmen horri esker bi erakundeek elkarlana abiatu dute, datozen urteotan garatuko dutena.

Exit mobile version