Bertsolari gazteen XXX. BBK Sariketaren finala gaur, abenduak 1, jokatuko da BBK Salan (Bilbon). Eta bertan, Lea-Artibai eta Durangaldea taldeak norgehiagoka arituko dira. Aurtengoa 30. urteurrena izango da, eta hori ospatzeko, finalarekin batera ospakizun jaia egingo da.
Azaroaren 7an hasi zen aurtengo bertsolari gazteen sariketa hori Markina-Xemeinen. Saio haren ostean lau kanporaketa eta bi finalaurreko egin dira. Parte hartu duten eskualdeak honako hauek izan dira: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri / Ezkerraldea /Meatzaldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe / Txorierri eta Uribe Kosta.
Horien artetik Lea-Artibai eta Durangaldea taldeek lortu dute finalera iristea.
Gaurko egitaraua honela antolatu da: 18:00etan, finala, Lea-Artibai eta Durangalgaldea taldeen artean. Geroago, 20:00etan sari banaketa eta bertso idatziak Ibon Izaren ahotik. Eta horren ostean, bertso saio bikaina Nerea Ibarzabal, Igor Elortza, Oihana Bartra, Jone Uria, Asier Alcedo, Onintza Enbeita eta Etxahun Lekue bertsolariekin.
