Nontzeberri

“Bertsolari” filma, Bilbaoarte zentroaren udako zine-zikloan

Ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, Bilbaoarte zentroak udako zine-programazioa ondu du. Zikloaren baitan, ikus-entzule guztientzako zine garaikidea ikusi ahalko da. Programa, hain justu, gaur hasiko da, 19:00etan, Bertsolari pelikularekin, eta Amama filmarekin amaituko da, biak ala biak Asier Altuna zinegileak filmatuak.

2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiarekin abiatu zuen Bertsolari proiektua. Garai hartan egileak Berria egunkarian aipatu zuenez, bertsolaritzari buruzko pelikula bat egitea zen lehen asmoa. “Hasieratik saiatu gara zabaltzen eta zerbait unibertsala egiten, bertsolaritzaz ezer ez dakienak ere ulertzeko modukoa. Gidoia bidean sortu da neurri handi batean, egindako elkarrizketetatik eta jasotako lekukotasunetatik. (…) Bertsolaritza erakusteaz gain, bertsolaritzak dituen elementuekin jokatu dut, lanak zinematografikoki interesa izan dezan. Asmoa ez da soil-soilik bertsolaritza zer den esplikatzea, pelikula bat egitea baizik, ikuspegi ezberdin batekin eta behar dituen baliabide zinematografikoekin. Hori azken emaitzan antzemango delakoan nago.”

Zikloaren baitan pantailaratuko diren beste film batzuk hauexek dira: I´m a Cyborg but that´s ok (ark Chan-wook, 2006), Caníbal (Manuel Martín Cuenca, 2013), Winter´s bone (Debra Granik, 2010), Yi-Yi (Edward Yang, 2000) eta The Grandmaster (Wong Kar-Wai, 2013).

Exit mobile version