Iruñeko Udalak eta Nafarroako Bertsozale elkarteak antolaturiko Bertsoaroa ekimenak hitzordu eder bat dakar aste honetan: 1TZ4L1 3T4 P1ZTU Bertso saio elektronikoa.
Programaren hogeita hamabosgarren edizioa martxoaren 12ra arte garatuko da, eta betiko legez, bertsoaren mundu oso bat bilduko da bertan. Saioetan gazteek eta beteranoek parte hartuko dute elkarrekin, bertsolari gazteen emanaldiak antolatu dira, eta bertso saio literarioak ere programatu dira, bai eta haurrentzako tailerrak eta zikloaren amaierako afaria ere.
Etzi, hilak 12, 19:00etan, LABAn, 1TZ4L1 3T4 P1ZTU Bertso saio elektronikoa antolatu da. Zuzeneko musika elektronikoa eta bat-bateko bertsolaritzaren arteko elkarlana du abiapuntu Aner Peritz eta Manex Pagola musikariek dakarten planteamendu musikal berriak. Ainhoa Larretxeak jarritako gaiei jarraiki, bi diziplina orain arte bereiziak modu malgu eta librean pentsatzen, gorpuzten eta interpretatzen arituko dira hiru bertsolariak. Bertsolariak Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain eta Haira Aizpurua izango dira eta gai-jartzaile lanetan Ainhoa Larretxea arituko da.
Datozen asteetan egingo diren saioen gaineko informazioa hemen eskuratu ahal duzue.
