Larunbatean Donostian egingo den Bertso Eguna 2014ko egitaraua aurkeztu zuten atzo. Azalera lelopean, generoa izango da aurtengo Bertso Egunaren sakoneko gaia eta 55 bertsolarik eta beste 9 kultur sortzailek zein taldek hartuko dute parte goizetik gauera egingo diren hiru ekitaldi nagusietan.
Nerea Elustondo eta Ixiar Eizagirre, Bertsozale Elkarteko Genero taldeko kideek azaldu zutenez, “Bertso Egunak generoa gai nagusitzat hartzea azken urteotan bertsolaritzako emakumeon artean egin den bidearen seinale izan daiteke, orain dela hainbat urte pentsaezina baitzen gai horren inguruan Bertso Eguna egitea”.
Bertso Egunak formatu ezberdinetako saioak eskainiko ditu egun osoan zehar Donostian. Egunari hasiera emateko, goizeko 12:00etan bertsopoteoa abiatuko da Alde Zaharreko kaleetan barna.
Arratsaldeko 18:00etan jaialdi nagusia egingo da Kursaalen. Bertan 12 bertsolarik kantatuko dute: Maialen Lujanbio, Nerea Elustondo, Amets Arzallus, Uxue Alberdi, Rosi Lazkano, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Maddi Ane Txoperena, Beñat Gaztelumendi, Ainhoa Agirreazaldegi, Saioa Alkaiza eta Iñaki Gurrutxaga.
Saioan zehar beste hainbat artistak ere hartuko dute parte: Miren Gaztañaga eta Ainhoa Alberdi aktoreek, Judith Monterok saxoaz, Allarte oihal eta dantza taldeak, eta Maddi Oihenart abeslariak.
Egunari amaiera emateko 700 lagunentzako afaria prestatuko da. 22 lagunek hartuko dute parte afalosteko saioan eta amaitzeko Laket taldearekin erromeria izango da.
Animo!