Bertsolaritza eta futbola berriz elkartuko dira Athletic Clubeko eta Real Sociedad taldeen arteko partida dela eta. Oraingoan, Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxean izango da hitzordua, otsailaren 1ean, igandea, 12:00etan.
Hala, Athletic Club Fundazioak eta Real Sociedad Fundazioak, Galdakaoko Udalaren laguntzarekin, ekitaldiaren XXV. edizioa antolatu dute asteburu honetarako. Kolore zuri-gorrien defendatzaileak Aitor Etxebarriazarraga, Onintza Enbeita eta Igor Elortza izango dira, eta kolore txuri-urdinen aldeko jokalariak Andoni Egaña, Eneritz Artetxe eta Amets Arzallus izango dira. Gai-jartzaile lanetan, Arkaitz Estiballes izango da.
“Bertso Derbia bezalako ekimenei emandako babesaren bidez, Galdakaoko Udalak euskal kulturarekiko, bertsolaritzarekiko eta euskararen erabilerarekiko duen konpromisoa indartzen du, kasu honetan lehia eta norgehiagoka errespetutik, sormenetik eta kultur elkarbizitzatik ere bizi daitezkeela erakutsiz”.
Sarrera doakoa izango da, baina bertaratzeko beharrezkoa izango da Torrezabal Kultur Etxeko leihatilan edo Udalaren webgunearen bidez gonbidapena eskuratzea.
