Nontzeberri

Bertolt Brecht eta Mario Benedetti poetak euskaraz

Bertolt Brecht eta Mario Benedetti idazleen poemak bildu dira Munduko Poesia Kaierak bildumaren azken aleetan. Atzo aurkeztu ziren lan berriak Irati Majuelo Itoiz eta Inma Errea Cleix itzultzaileen eskutik, eta Isabel Etxeberria Ramirez eta Maialen Berasategi Catalán bildumaren editoreen presentziarekin.

Irati Majuelo Itoizek itzuli du Bertolt Brecht (1898-1956) idazlearen lana. Gaur egun inor gutxik ezetsiko du XX. mendeko poemagile aleman eta europar nabarmenetako bat izan zela Bertolt Brecht. Brechten gaztetako ahots noiz nihilista samar noiz ederzaleak, autorearen kontzientzia politikoa sakondu ahala, bide egin zion ahots gero eta sozialago, konprometituago bati. Berdin beharrezkotzat jo zituen, ez alferrik, eguneroko ogia eta eguneroko justizia. Marxismoaren inguruko poema didaktiko samarrak idazteaz gainera, askoz harago, herri xehearen klase borrokaren zerbitzuan jarri zituen bere sorkariak. Brechtek aise uztartu zituen, ia banaezin bilakatzeraino, denuntziaren gordina, eguneroko bizimoduaren biluztasuna eta elkartasunaren gozoa.

Inma Errea Cleixek Mario Benedetti (1920-2009) poetaren lerroak itzuli ditu. Mario Benedettiren poesian eta literatura osoan, inguruan duen errealitatea irakurtzeko eta injustizia salatzeko tema etengabea da. Benedettik aberriari begiratzen dio bere poemetan, barrutik eta kanpotik, eta bere biografiako momentuaren arabera nabartzen da emaitza. Bere beste gai nagusiaz ari denean ere, maitasun poemetan, alegia, zintzoa eta xaloa da begirada; ez, haatik, kurtsia. Kaier honetan Inma Errea Cleixen ahots jakintsuaren bitartez kantatzen digu, doinu natural eta itxuraz erraz baina sakon gogoetatutakoan.

Aurreko kaierak ezagutu nahi badituzue, egin klik hemen.

Exit mobile version