Nontzeberri

“Bertatik Bertara 2021” laguntzen deialdia

Bertatik bertara 2021 kultura-laguntzen deialdia (75.000 euro) ireki dute elkarrekin Santander, Bilbo eta Logroñoko udalek. Ekimenaren helburua da hiru hirietako enpresek, elkarteek eta kultura- eta sorkuntza-eragileek proiektuak elkarrekin garatzea. Guztira sei proiektu hautatuko dira eta bakoitzak 12.500 euroko aurrekontua izango du.

Aurkezten diren proposamenak 2021. urtean egin beharko dira eta gainera, berriak izateaz gain, gutxienez hiru hirietatik bitako kultura-eragileren arteko elkarlanaren emaitza izan beharko dute. Hiriburu bakoitzak 25.000 euro jarri ditu deialdirako; guztira, hortaz, 75.000 euro daude diru-laguntzatarako.

Balorazio Batzorde batek aukeratuko ditu proposamenak, eta proiektuen kalitatea, interesa, bideragarritasuna eta berrikuntza ebaluatuko ditu. Proposamenek “hiru hirien artean harreman egonkorra izango duen kulturako sektore profesionala sortzen, jarraipena ematen eta aberasten lagundu beharko dute, bai eta hiru hirietako kultur programazioa aberasten eta kulturaren eta sortzaileen arloko profesionalen, enpresen eta bestelako erakundeen artean lan-sareak abian jartzen ere”.

Interesa duten kultur eragileek www.santandercreativa.com helbidean aurkituko dituzte deialdiaren oinarriak eta eskabidea. Laguntza hauek jasotzeko epea abuztuaren 9ra arte egongo da zabalik.

Exit mobile version