Musika Garaikidearen Nazioarteko Zikloak 20. urte beteko ditu aurten, eta hainbat hilabetez, 13 kontzertuz osatutako programazioa prestatu du.
Bernaola Zikloa Araban izango da urriaren 14tik otsailaren 3ra. Guztira 13 kontzertuk osatzen dute programa, eta horietako gehienak Gasteizeko Jesús Guridi Kontserbatorioan burutuko badira ere, horietako hiru Artiumen, Araiako Andra Mari Aretoan eta Bilboko JC Arriaga Musika Kontserbatorioan izango dira.
Ensemble Sinkro taldeak irekiko du programa Jesús Guridi musika kontserbatorioan, eta Akusma taldeak itxiko du otsailaren 3an, han bertan. Zikloan izango dira, besteak beste, Iñaki Estrada, Anthony Pateras, Katharina Gross, María Scaroni eta Zuriñe Benavente. Kontzertuekin batera, Alfonso García de la Torre konpositore, irakasle eta kultura kudeatzailea omenduko da. Fernando Martinezen De memoris, ibilbide baten esentzia izeneko argazki erakusketa abian izango da Jesús Guridi Kontserbatorioan.
Diogun moduan asteburu honetan abiatuko da ekimena eta Ensemble Sinkrok Gasteizen (larunbatean) eta Araian (igandean) erakutsiko du urte osoko lan mardularen emaitza Parisko Atelier de Composition Unibertsitateko ikasleekin batera, Jose Manuel Lopez konpositorearen eta Alain Bonardi informatika musikalaren eta musika elektroakustikoaren irakaslearen koordinaziopean. Proposamen horretara gehituko dira Jon Saenz Rubio eta David Enrique Hernandez konpositoreak. Batak zein besteak, amaituak dituzte euren konposizio ikasketak Musikenen, Euskal Herriko goi mailako musika ikastegian, Gabriel Erkoreka eta Ramón Lazkano irakasleekin. Emaitza “sorkuntzaren, originaltasunaren eta freskotasunaren leherketa uztartu bat da. Bizi garen gizarte globalizatuan den aberastasun handiaren erakuslea da, askotariko kultura, ideia, eragin, erreferentzia eta tradizioekin.”
Bernaola Zikloaren webgunean dituzue kontzertu guztien gaineko xehetasunak.
