Jazz musika Euskal Herriko txoko askotara barreiatuko da egunotan. Bizkaiko kostaldera ere helduko da Bermeoko Jazzber jaialdiaren XXVII. edizioarekin. Jaialdia Bermeoko Udalak eta Jizz Jazz Kultur Taldeak antolatzen dute, beti ere kalitatezko jazza herritarren artean zabaltzeko.
Bermeoko Kafe Antzokian izango dira kontzertuok, uztailaren 2tik 4ra, 20:30ean hasita, eta bertako oholtzan Gorka Benítez Quartet, Cesar Vidal & Artikulation Band eta nazioarteko L.A.B. Trio ikusteko aukera egongo da.
Gaur, uztailak 2, Gorka Benítez Quartet taldearen txanda izango da. Gorka Benitez saxo-jotzailea eta flautista da, eta David Xirgu (bateria), Abel Boquera (organo-jotzailea) eta Dani Pérez (gitarra) musikariekin arituko da. “Musika korala, polifonia, popa eta jazza uztartzen dituzten kantu originalak eskainiko dituzte”.
Ostegunean Cesar Vidal & Artikulation Band taldearen txanda izango da, eta azkenik, barikuan, L.A.B. Triok eskainiko du kontzertua.