Azaroaren 4an, Bilboko Azkuna Zentroan Berbagunearen XIII. edizioa egingo du Ulibarri euskaltegiak Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Ekimenaren helburua euskara kalera ateratzea da.
Aurten, bertan parte hartzeko lau ordutegi jarri dira, bakoitza 324 pertsonakoa: lehenengoa, 9:30etik 11:00etara; bigarrena, 11:00etatik 12:30era; hirugarrena, 12:30etik 14:00etara; eta laugarrena, arratsaldez, 18:15etik 19:45era, guztiak Azkuna Zentroaren atarian.
Berbagunearen edizio honen desafioa “euskara kalera ateratzea izango da aurrerantzean ere, eta adin eta baldintza guztietako euskaldunak mahai baten inguruan elkartzea, hainbat gairi buruz euskaraz hitz egiteko: elikadura, plataforma digitalak, aisialdia… eta, horrela, euskara euskaraz partekatzea Bilbon.”
Betiko legez, esparru guztietako lagunak biltzen dira bertan, hala nola kulturakoak, ekonomiakoak, kiroletakoak edo politikakoak, eta hala, “mahaia eta elkarrizketa partekatuko dituzte euskara ikusgarriago egiteko prest dauden herritar anonimoekin”.
Informazio guztia: www.berbagunea.eus
