Sevillako Belen Maya flamenko-dantzaria Bilboko La Fundicion aretoan izango da larunbat eta igandean, azaroak 23 eta 24; Habitaciones ikuskizuna aurkeztuko du espainiarrak; emanaldia Dantzaldia jaialdiaren baitan dago.
Dantza ikuskizuna dantzaren eta performancearen artean dago; alegia, flamenko ikuskizun garaikidea da. La Fundicion aretoaren arabera, “bailaora eta aktore banarentzako pas de deux bat dugu Habitaciones, emakume eta eramangarri banarentzako performancea, intimitatearen mapa bat, eszenatokiaren eta haren ordezkoaren metafora, egunez eguneko bizitzari bizirauteko esku-liburua, argonauten esaera zaharraren eszenatokirako itzulpena: «nork bere buruari galderak egitea beharrezkoa da, galderoi erantzutea ez, ordea”.
Mayak berak egin du ikuskizunaren koreografia, eta ondoan Javier Centeno aktore eta disko-jartzailea izango du. Bilboko aretoak bidali duen oharrean ondokoa idatzi du David monterok: “Era horretan, logelarik logela, gure oroimenak iragana altzariz jantzi eta berrasmatzen du, antolatu egiten du, izan ginenaren etxea eraiki arte. Eta hori berori egiten du Belén Mayak ikuskizun honetan: bere dantzako eta bere bizitzako gelak oparitzen dizkigu, oroimena eta desioa elkartuz, asmatuz agian bihar izango denaren etxea”.