Garazi Arrula Ruizek itzuli du Sylvia Plath poetak idatzi zuen eleberri bakarra, Beirazko kanpaia (Txalaparta), argitaratu zenetik 60 urtera ere, indarrean eta indartsu dirauen testu zirraragarria biltzen duena, eta feminismo ingeles-amerikarraren ikurretako bat bilakatu dena.
Testuak kontatzen duena honako hau duzue: “Unibertsitate-ikaslea da Esther Greenwood, eta poeta bihurtzea du amets. Hilabete oso batez emakumeentzako aldizkari batean editore gonbidatu jarduteko hautatzen dutenean, beraz, ate guztiak zabaltzen zaizkiola sentituko du; New York hirian egindako egonaldi preziatua, ordea, identitate-auzien eta gizarte-arauen zelai gatazkatsu bihurtuko zaio berehala. Kontrajarritzat dituen femeninotasun-eredu biren artean lehian ikusten du bere burua: norberaren helburu eta desirak lehenesten dituen matxinoa eta gizarte arauen arabera jokatzen duen emazte-ama. Hilabetea pasatuta eta idazketa-eskola batek bere hautagaitzari uko egin eta gero, amarengana itzuli beharko du Estherrek, eta aterabide zaileko gainbehera emozional bati ekinen dio, ospitale psikiatriko batetik bestera eramanen duena”.
Sylvia Plath poetaren eleberri hori esperientzia pertsonaletik abiatzen da eta makina bat gai jorratzen ditu, tartean, amatasuna, heriotza, gorputza, eritasuna, eromena, sexua, abortua, edota suizidioa.
Idazleak berak hala deskribatu zuen: “Nire bizitzako gertaerak harilkatu ditut, fikzio bihurtuz, kolorea emateko; bizibidea ateratzeko idatzi dut, baina egiaz uste dut adierazten duela zer bakarrik senti daitekeen pertsona bat lurra jotzen duenean… Saiatu naiz nire mundua eta jendea irudikatzen beirazko kanpai baten lente desitxuratuan zehar begiratuta bezala”.