Ezinbesteko zinemaz titulupean makina bat ziklo antolatu ditu Nafarroako Filmotekak. Hil honetan ere eskaintza ederra osatu du zinema hobeto ulertzeko beharrezkotzat jotzen dituzten filmekin.
Otsaileko programan 1930etik 1960ra bitarteko hamarkadak errepasatzen ari dira bertan. Vampyr filma berreskuratu, eta hil honen hasieran pantailaratu zuten. Joan den asteazkenean, Frank Tuttle zuzendariaren This Gun for Hire (1942) filmaren txanda izan zen.
Bihar, hilak 16, Alain Resnais (1922-2014) zuzendari frantziarraren film ahaztezinetako bat, Hiroshima mon amour, pantailaratuko dute. Filmaren gidoia, dakikezuenez, Marguerite Duras idazlearena izan zen. Hiroshima Mon Amour filmak begirada erdi-dokumental eta poetiko bizia egiten du Hiroshimaren tragediari buruz. Hiroshima mundu desberdinetako bi ezezagunen artean kokatuta dago, eta Marguierite Durasek sortutako testu zoragarria du, Jatorrizko Gidoi Onenaren Oscarretarako izendatua izan zena.
Azkenik, hilabetea amaitzeko, Pier Paolo Pasolini (1922-1975) zinemagile eta poeta italiarraren Uccellacci e Uccellini (1966) film dibertigarri eta sinbolikoenetako bat ikusgai izango da.