Aldarte eta EHGAM Begirada Ausartak izeneko liburuaren eta dokumentalaren aurkezpena egiten ari dira egunotan.
Begirada Ausartak lanean, Bizitza eta maitasun gay-lesbianoko historiak, frankismo eta trantsizio garaian EAEn titulupean borobiltzen da. Eta bertan, gaur egungoak baino askoz zailagoak ziren gizartean eta garaian bizi behar izan zuten hainbat lagunen lekukotasunak plazaratzen dira.
Guztira 13 bizitza-historia azaltzen dira, eta haien bitartez hainbat gauza ezagutzeko aukera egongo da: begiraden garrantzia, goitizenen erabilera, bonbonerak edota zinematoki batzuk nolakoak ziren, lehenengo elkarteak nola sortu ziren…
“Bizipen hauek guztiak gure memoria historikoaren parte dira; guztiak izan ziren, zalantza barik, gure oraina eta gure geroa eraikitzeko zimendua”.
Diogun bezala, egunotan aurkezpenetan dabiltza hainbat tokitan. Atzo, Bilboko Ibaiondo Udaltegian, Jose Luis Madrazo Eusko Jaurlaritzako Familia Politika eta Komunitate Garapenerako zuzendaria, Xabier Legarreta Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendari Nagusia, Empar Pineda, aurkeztu beharreko liburuan lekukotasunaren emailea, eta Aldarte eta EHGAMeko ordezkariak bildu ziren.
Gaur, Gasteizko Aldabe Kultur Etxean, 19:00etan, honakoak bilduko dira: Jose Luis Madrazo, Monika Hernando Eusko Jaurlaritzako Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Empar Pineda, eta Aldarte eta EHGAMeko ordezkariak.
Aurkezpenak egiteko azken eguna bihar izango da, eta kasu horretan, Donostiako San Telmo Museoan bilduko dira Jose Luis Madrazo, Mikel Martin Conde, aurkeztu beharreko liburuan lekukotasunaren emailea, eta Aldarte eta EHGAMeko ordezkariak.