Nontzeberri

Begira Photo Festival jaialdiaren IV. edizioa

Kinua Argazki elkarteak antolatzen duen Begira Photo 2014 jaialdiak argazkilaritza garaikidearen mundua jorratuko du beste behin, Durangon, ekainaren 10etik 29ra.
Aurtengoa laugarren edizioa izango da, eta erakusketak, proiekzioak, hitzaldiak eta hamaika artistaren irudi ederrak osatuko dute programazioa. Euskal Herriko autore gazteen lana erakustea, eta Afrika eta Asiako argazkilari batzuk ezagutzera ematea izango dira ardatz nagusiak.

Egun hauetarako programatu den egitarauaren baitan zortzi erakusketa, lau hitzaldi, argazki-liburu baten aurkezpena, hiru ikus-entzunezko proiekzio eta bi tailer antolatuko dira.

“Herri partaidetza protagonista bihurtzeko asmoz, formatu handiko erretratuen erakusketa kolektiboa; familia gaiaren inguruan herritarrek sortuko duten horma-argazkia; kamera estenopeiko erraldoia ezagutzera emateko Durangoko F-stop argazkilaritza elkartearen Big Mama proiektua; eta Igor Elortza eta Unai Iturriagak gidatutako bertso zein argazkiak uztartuko dituen ekitaldia ere izango dira bertara hurbiltzen direnen gozagarri”, jakinarazi dute antolatzaileek.

Laugarren edizio honetan parte hartuko duten artistak honakoak dituzue: Rous Boisier, Bego Anton, Segun Lazkano, Goiuri Aldekoa-Otalora, Godzilla, Helena Goñi, Garazi Erdaide, Txelu Angoitia, Jesus Mari Arruabarrena, Iñigo Beristain, Oskar Alegria, Jesus Mico edota Zaloa Fuertes.

Horien lan guztiak eta beste Arte eta Historia Museoan, Plateruena Kafe Antzokian, Pinondo Etxean, Tanka komunikazio estudioan, Udaletxeko plazan, Ezkurdi plazan, Andra Mariako elizpean, eta komertzioen erakusleihoetan begiztatu ahal izango dira.

Exit mobile version