Betiko lez, aurten ere, Begibistan Zinema Astean euskal film laburrak sustatuko dituzte, eta euskara oso presente egongo da. Aurtengo zinemaldia urriaren 4tik 8ra bitartean izango da.
Zinemaldira bidalitako 271 lanen artean 27 film labur aukeratu dira Ofibistan sekzio ofizialean pantailaratu daitezen, Amurrio Antzokian. Urriaren 4an hasiko da ekimena, 5ean, beste emanaldi bat egongo da, eta urriaren 6an bi emanaldi programatu dira.
Omenaldiak ez dira faltako. Aurtengo Ohorezko Txapela Josean Bengoetxea antzezle gipuzkoarrari emango zaio. Aurreko urteetan Txema Blasco (2009), Ramón Barea (2010), Itziar Lazkano (2011) eta Leyre Berrocal (2016) aktoreek jaso dute sari hori.
Aurtengo edizioan 4.000 euro banatuko dira sarietan. 3.000 euro Amurrioko Udalak emango ditu eta Arabako Foru Aldundiak 1.000 euro, euskaraz egindako film labur onenari, euskaraz sortutako ikus-entzunezko lanak sustatzeko. Ofibistan sekzioko film labur onenak 1.200 euro eta Begibistan Txapela jasoko ditu.
Sari banaketaren barruan, azken egunean, Kukai Dantza Taldeak Oskara lana eskainiko du.
Informazio gehiago, hemen duzue.