Irailaren 13ra bitartean izango duzue Zarautzeko Torre Luzea Erakusgelan, Elena Arrese artistaren Josturak: Paisaia eta Mugimendua Zarautzen izeneko erakusketa.
Artistak berak eman ditu erakusketaren gaineko nondik-norakoak: “Josturak proiektuan, baztertuta utzi dena birsortzeko gaitasuna aztertzen dut, pinturarekin eta eskulturarekin egindako diziplina anitzeko elkarrizketa baten bidez. Baztertutako materialekin lan egiten dut, eta antzinako nire obretan ere murgiltzen naiz, haiek zalantzan jarriz eta kosmos berrian integratuz. Berreraikitze-prozesu bat egiten dut, nire obraren zati hautsietatik abiatuta. Pieza berriek zaharren DNA dutenez, konponketa- prozesu gisa funtzionatzen dute.
Gaur egun, proiektu horretan ari naiz lanean, neuk baztertutako materialak biltzen ditut, eta nire kontakizun pertsonalekin obra berriak sortu, kaos batetik abiatu eta kosmos bat eraikiz. Nire lehengaia hondakina da. Hondakina objektu artistiko sakralizatu bihurtzen dut. Zaborra arte bihurtzeak karga mistiko nabarmena du: erredentzio eta kontzesio materialerako nire eskaerak dira.
Apustu etikoa eta estetikoa da; arteak, hemen, baltsamo gisa jokatzen du. Marjinala dena erlikia garaikide bihurtzen saiatzen naiz, kapsula edo objektu-kutxa ahaztuen bidez. Obra espazioari egokitzen zaio, ahalik eta ingurumen-inpaktu txikienarekin.”
