Bilboko Udaleko Kultura Sailak eta Eskina Femenina taldeak Bazter Fest jaialdiaren estreinako edizioa ondu dute, ostegunean eta ostiralean, hilak 26 eta 27. Ekimenaren xedea ondokoa da: “Ibaiondoko barrutian dauden kultur eta gizarte arloko ekimenak ezagutaraztea eta bultzatzea, eta emakumeek hip hopean egiten duten lana, presentzia eta ikusgaitasuna sustatzea”.
Hala, azaroaren 26an, mahai-ingurua izango da, San Frantziskoko Udaltegian, 19:30ean: Miren Aranguren Etxarte aurkezle (musikaria eta feminista), Saioa Cabañas (Emarock), Aneguria (Eskina Femenina), Maria Rivero (Hutsa eta Siroka musika taldeetako abeslaria) eta La Basu (Eskina Femenina).
Ostegunean, halaber, Hika Ateneoan, emanaldia izango da, emakume hip-hop zale hauekin: Nizuri Tazuneri, La Basu eta Syla.
La Basuk Aire es Vida lehenengo lana aurkeztuko du. “La Basu, Eskina Femenina proiektuaren arduradunetako bat da Aneguriarekin batera, eta bertan, emakumeen alde ari dira, hip-hop kulturaren barruan”.
Syla, berriz, estatuko hip-hoparen emakumezko erreferente garrantzitsuenetakoa da, eta Señorita Bueno izenburuko bigarren diskoa kaleratu berri du, Frank T, Wöyza edo Lasai lagun izan dituela.
Azkenik, Nizuri Tazuneri bikoteak ere disko berria aurkeztuko du.